XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gauzak ez daude horren larri, zori onean, euskalkiak, edonongo dialektuak bezalaxe, uste baino iraunkorragoak baitira.

Iraungo dute, beraz, oraindik, batasunak batasun, eta bakarrik iraun ere.

Ez dute ordea, bere hartan iraungo, batere aldakuntzarik gabe elkarren gainka eta bata bestearekin nahaste bizi garen zurrunbiloan.

Arin baino arinago ibili beharko dugu, bada, zein bere nortasunean ezagutu eta jaso nahi baditugu.

Badakit badela gure artean jendea franko lan horretan ari denik.

Nor geure aldetik gabiltza, ordea, eta batera behar genuke Euskal herriaren irudi orokor eta bateratua lortu eta hedatu behar baitugu.

Eta hemen gogora datorkigu ezinbestean zorioneko Euskal Atlas hura, beti abiadan duguna eta, behin eta berriro abiatu arren, inoiz zertzen ez zaiguna.

Gai hori, nolanahi ere den, beste baterako utzia du Euskaltzaindiak.

Izango omen ditugu geroxeago bai irakas-saioak eta bai bestelako bilerak prestalanak taxutu eta langileak prestatzeko noraezeko ditugunak.

Bego, beraz, eginkizun hau ordura arte.

Egungo egunekoak ez ezik, inoizko euskalkiak ere aztertu behar genituzke eta honez gero zerbait eginik daukagulakoan nago, bai lekuizenen bitartez eta bai lehengo mendeetako testuak direla medio.

Bukatuxe zuelakoan Euskaltzaindiak oraindik esku artean duen eta izango duen Izendegiak, esate baterako, badu arlo horretako azterlanen premia ederra.

Testuei dagokionez, berriz, bistan da zerbait baino gehiago aurreratu dugula azken urteotan.

Eta, hori aski ez balitz, hasia du, guztiok dakigunez, gure Lekukoen bilduma.

Badirudi, gainera, jendea, lehen ez bezala, zaletua dugula eginbide horietan.

Horrelaxe, gero eta ugariagoa izango dugu uzta hori, behin inprentan pasa ondoan nekez galtzen diren horietako baitugu.

Ez dut, noski, gogorazi beharrik, edonork baitu gogoan, hiztegi kontuan egiten eta agertzen den lanaren aberastasuna.

Ez dut hemen aipatu baizik egingo eta, aipatu, hemen aipatu dut, aurrera segi baino lehen, lekuan lekuko hizkeraz dakiguna hiztegi eta hiztegitxoei eskerrak dakigulako gehienbat.

Honako honen gisako esaldiak egunoro irakur daitezke aspalditxoan: Hizkuntza dugu, zeharbidez bederen, zentzuaren mundutik hotsen mundura joan eta itzuli bitarteko dabilen mandataria.

Hotsek badute, bada, nahiz izkutuagoko zerbaiten ezaugarri izan, beren nortasuna, askori dirudienez maldagora egiten zaiona.

Halaz guztiz, hotsei ere ekin beharko diegu bilketan hasten bagara euskalkietan barrena.

Eta fonetika-fonologietan langile treberik behar badugu, trebatu beharko ditugu aldez aurretik, inor ez baita jaiotzen trebe, belarri onaren jabe izanik ere, ez lanbide horretan ezta beste askotan ere.

Ikaskuntza horiek ere, dena den, bestetarako utziak ditugu, Euskaltzaindiaren erabakiz.

Egia da fonologia eta gramatika ezin puskatuzko loturaz elkarri datxetela, de Rijk-ek Arrasaten erakutsi zuen bezala.

Metodoak, ordea, bereiz ditzake eta aska sortzez eta izatez baturik daudenak ere. Gramatikaren arbola soil eta murrizteko asmoz, bazterturik geldituko dira oraingoz hotsei zuzenean dagozten xehetasun guztiak.